2011/01/12

Euskara hizkuntza sexista al da?

Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du
ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa.

Hiru esparru landu dira oro har hizkuntzari dagozkionak: hizkuntzaren bidezko
sexismoa, hizkera femenino eta maskulinoak (edo sexulektoak) eta hizkuntza
tresna maskulinotzat jotzen duen joera.
Lehenengo esparrua da gehien sakondu dena euskararen munduan. Bi alde daude
hemen; lexikoaren azterketa, batetik (oso alde bizi eta aldakorra) eta hizkuntzaren
egitura edo sistema (finkoa eta historian zehar oso astiro aldatzen dena) bestetik.
Bigarren esparruan sinismen eta uste ugari daude (kultura anglo-amerikarrean
folklinguistics deitu izan diote honi). Datuetan oinarritutako ikerketak izan
beharrean, susmoetan eta aurreiritzietan oinarritutakoa da honi buruz idatzitako
gehiena. Hizkera femeninoari buruz hitz egitean dauden usteak hauek dira,
Cameronen arabera:
· Etorririk eza (hitz egitean emakumeek ez dute gizonezkoek duten
jariotasuna).
· Esaldi amaitugabeak (emakumeek hizketa informala darabilte, ahozko
komunikazioa dute oinarri).
· Hurrenkera logikorik gabeko hizketa (pentsamendu logiko-matematikoa
gizonezkoena denez, gai batetik bestera “saltoka” hitz egiten dute
emakumeek).
· Galdera doinuko baiezkoak (auto-estimu baxua berriro ere, besteen
onespena behar dute emakumeek bere hizketarekin jarraitzeko).
· Gizasemeek baino gutxiago hitz egitea (bere sexu/generoari “dagokio” hitz
egiten egon beharrean entzutea, rol pasibo-hartzailea “beraiena” den
heinean).
· Konpetentziazkoak baino kooperaziozko estrategien erabilera (3)
(konpetitibitatea balio maskulinoa omen da, arlo publikoa maskulinoa omen
den bezala).

Gai honen inguruan hiru iritzi daude nagusiki; lehenengo iritziaren arabera
harreman dialektikoa dago arauaren (sistema, hizkuntza edo gramatika ere
deitutakoa) eta erabileraren (hizkera eta mintzaira ere deitutakoa) artean, hau da,
hizkuntzaren bi aldeek dute zeresana eta hauek biak kontuan izan behar dira
sexismoa gaindituko bada. Bigarren iritziaren arabera kultura/errealitatea da
sexista, eta hori aldatuz gero, hizkuntza-sistema ere aldatuko da eta, honen
ondorioz, ez dago hizkuntzan aldaketarik egin beharrik edo, behintzat, ez da
lehentasunen arteko eginbeharra hizkuntzaren sexismoarena. Azken iritzia da
zabalduena eta honen harira egin dira gaur egun ezagutzen ditugun gomendio
asko; hauen arabera erabilera da sexista (hizkuntza-sistema ez da sexistatzat
jotzen).
Nire ustez, argi dago erabilera ez-sexista egiteko aukera ematen digula euskarak.
Hala ere, erabilera sexista egiteko aukera dagoen neurrian ez al da hizkuntza hein
batean sexista? Gainera, onartzen badugu gaztelania, frantsesa, ingelesa... beste
hizkuntza (batzu)k sexistak direla, zerk ezberdintzen du euskara?

nahiz eta guztiz atgi ez utzi, berton uzten dut bilatu ezazue zuen burutxuetan zuek zeuek uste duzuena...

No hay comentarios:

Publicar un comentario