2011/01/13

Genero indarkeriaren kontrako legea onartu zuen Espainiako Parlamentuak


Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko asmoarekin PSOEk
prestatutako legea onartu zuen Espainiako Parlamentuak. Talde
parlamentario guztiak legearen aldeko botoa eman zuten. PPk izan ezik,
gainerako talde parlamentarioek PSOEren lege proiektuari jarritako 400dik gora zuzenketak kendu zituzten, ahalik eta kontsentsu zabalena lortu asmoz.
Espainiako Parlamentuak onartutako testua Senatuak berretsi behar du
orain, eta IUko idazkari nagusi Gaspar Llamazaresek aurreratu duenez, bere
talde parlamentarioak egindako zuzenketak bertan eztabaidatzeko asmoa du.
Beste talde parlamentario batzuek antzeko bidea jarraituko dutela azaldu zuten.

Dena den, legea onartu bezain laster, parlamentari guztiak tente jarri eta
txaloka hasi ziren, emakumeen kontrako indarkerian «aurrerakada handia» egin dela aitortzen baitzuten talde parlamentarioek.Espainiako Gobernuaren ardura hartu bezain laster, emakumeen kontrako indarkeriaren legea egiteko asmoa zeukala azaldu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak.
Berehala hasi zituzten tramiteak, eta Parlamentuak azkar onartu du legea. Hain zuzen,horrenbesteko garrantzia daukan legea «hain azkar» onartu izana kritikatu dute zenbait talde parlamentariok, besteak beste, EAJk. Ia eztabaida egin gabe onartutako legea dela azpimarratu zuen Margarita Uria EAJko parlamentariak.

Mehatxu eta indarkeria erabiltze arinengatik gizonei emakumeei baino zigor
handiagoa ezartzeak talde parlamentario askoren kritika ekarri du batez ere
PPrena, Espainiako Konstituzioaren kontrakoa delako. Hala ere, PSOEk puntu
horri eutsi dio.

Bestalde, agerraldiak hasi ziren, emakumeen aurkako indarkeria aztertzen
ari den Eusko Legebiltzarreko lan talde berezian. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Juana Balmaseda aritu zen atzoko saioan.Taldekide sozialista Gemma Zabaletaren esanetan, «arazoarekin zerikusi zuzena
duten pertsonen agerraldiak» izango dira datozen asteetan.

Honakoak izango direla lehenengo urratsak adierazi zuten Espainiako Parlamentutik;

Lana: Lanorduak murrizteko, urrun dagoen lantokira ez joateko eta lanpostua gordeta lana
uzteko eskubideak onartzen zaizkio biktimari. Azken bi kasuetan, langabezia kobratuko du.

Lan barneratzea: Biktimak lan munduan barneratzeko programa sortuko da, errenta aktiboa
jasoz. Programa betetzerik ez duten biktimek diru laguntza jasoko dute.Daukaten adinaren eta familia arduraren araberakoa izango da.

Lanuzteak: Erasoek eragindako lanuzteengatik ezintasun prestazioa jasotzeko eskubidea izango du biktimak.

Formazioa: Erasoak jaso dituzten emakumeek, formazioa eskuratzeko diru laguntzak izango dituzte.

Etxebizitza: Babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko lehentasuna izango dute biktimek.

Hobariak: Erasotutako emakumeak kontratatzen dituzten enpresek hobariak jasoko dituzte.

Homologazioa: Biktimek jasoko duten tratamendua eta izango dituzten baliabideak erkidego guztietan berdinak izan daitezen, zerbitzuen homologazioa egingo da.

Zentroak: Gaur egun dauden biktimak jasotzeko zentroak, errekuperazio osorako zentroak bihurtuko dira. Laguntza psikologikoa, gizarte laguntza, hezkuntza eta bestelako zerbitzuak eskainiko dizkie biktimei.

Segurtasuna

Sail espezializatuak: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak sail espezializatuak sortuko dituzte. Era berean, tokian tokiko poliziekin elkarlanean aritzeko bideak zabalduko dira.

Administrazioak: Elkarren artean laguntzeko neurriak hartuko dira.
Erasotzaileak birgaitzea: Emakumeen kontra indarkeria erabiltzeagatik zigortuek birgaitze programetan sartzeko aukera izango dute.

Arma baimena: Emakumeen kontra indarkeria erabili dutenek ezingo dute arma baimenik izan.

Epaitegiak: Emakumeen kontrako indarkeriarekin zerikusia duten gaiak hartuko dituzten 400 epaitegi baino gehiago sortuko dira.

Fiskaltza berria: Genero indarkeriaren kontrako fiskaltza sortuko da.

Zigorrak: Mehatxu arinengatik, 6 eta urtebete arteko zigorra izango da. Indarkeria erabiltze arinek, 6 eta 18 hilabete arteko zigorra izango dute. Zauriak eragiteagatik, 2 eta 5 urte arteko zigorra. Familiakoei ere eraso edo mehatxuak egin dizkiela frogatzen bada, erasotzaileak bere
seme-alabak ikusteko eskubidea galduko du.

Hezkuntza

Irakasgaia: Berdintasunerako eta genero indarkeriaren kontrako irakasgaia sortuko da. Bigarren Hezkuntzan emango da, eta hiru hilabeteko iraupena izango du.

Erakundeak

Erakunde berriak: Genero indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza sortuko da.Espainiako Arartekoari lotutako sail espezializatua sortuko da. Halaber, Gobernuaren lana neurtuko duen eta neurri berriak proposatuko dituen pertsona independenteez osatutako
behatokia sortuko da.

Osasuna
Protokoloak: Emakumeen kontrako indarkeria kasuak ahalik eta azkarren ikusteko, osasun protokoloak zehaztuko dira. Osasungintzako langileei formazioa eskainiko zaie.

Bestelako neurriak

Informazioa kanpainak: Sentsibilizaziorako eta prebentziorako kanpainak egingo dira.

Publizitatea: Emakumeari burla egiten dion irudiak erabiltzen duen publizitate kanpainak isuna jaso dezake.

No hay comentarios:

Publicar un comentario